"Dena jakiten da", horrelaxe deitzen da Gabriel Garcia Marquez idazleari buruzko erakusketa. Kolonbiako Liburutegi Nazionalean –guk horrelakorik ez dugu oraindik– atondu dute, Bogotan. Austineko Unibertsitateko artxibategitik erakarritako esku-izkribu, gutun, argazki, kartel, jantzi eta idazmakinarekin osatu dute lehen aldiz.
--------
4:11
Eskolara berriz
Ezaguna da amesgaizto hori, non eskolara bueltatzen zaren berriz, azterketak gainditu gabe dituzula. Bada, halako zerbait bizi izan genuen pasa den asteburuan. Alabaren bigarren hezkuntzako eskola publikoak, Bard Queens deritzonak, ate irekien eguna ospatu zuen eta izena eman genuen, animatuta.
--------
3:49
Beste egun bat
Lainotuta esnatu da igandea, eraikinak ia ez ziren ikusten, euri txikiagatik.
Zorionez, bazkalosterako saretu egin da zerua, eta eguzki izpiak ere agertu dira tarteka. Riverside Parkera atera gara oinez egitera. Gereziondoen lore zuriak ikusgarri zeuden. Argazkiak ateratzen ari ziren hiritarrak, haien magalean. Batzuk zelaietan merienda egitera ere animatu dira, mantak belatzeetan zabalduta. Auzokideak hasi dira lorategi komunalak atontzen, bazterrak garbitu eta landareak aldatzen, auzolanean. Parkeko tabernak oraindik pertsiana botata zeukan baina berdin berdin eseri da jendea terrazan, etxetik eramandako garagardoa edaten. Nesken taldeak nabari ditugu beisbolean jolasten. Banku batean eseri eta haien begira egon gara, denbora luzez. Barrez, konturatu gara oraindik ez dugula jokoa osorik ulertzen, konplexuegia gure europar burmuinentzat. Pozik zebiltzala elkarrekin, hori bai ulertu dugula. Puntu bakoitzeko, elkar besarkatzen zuten. Atzerago, Hudson ibai sendoa, itsasoa bezain zabal. Urre kolorekoa hasieran eta laranja gero. Ilunabarra New Jerseyko erriberan. Etxerako ordua.
Mundua maldan behera doan honetan, berririk gabeko eguna izan zen atzokoa.
Beste egun bat, azkenean.
--------
3:11
Parkera joan naiz
Parkera joan naiz, lorean dira arbola batzuk,
ez asko, lotsati oraindik.
Badirudi beldur direla haiek ere beren burua agertzeaz.
Goiz da eta ez dago inor parkeko bankuetan.
Eguzkiak epeltzen hasi duen arren.
Eseri egin naiz eta liburua zabaldu dut.
Lehen eguna etxetik kanpoko irakurketa egiteko.
--------
2:58
Arbasoen su txikia
Araba Euskaraz 2025eko kanta egin dugu Mikel Urdangarin eta biok. Kanta landua, mezuak elkarri gurutzatzen ibili baikara luzaroan. Letrak hiru ideia nagusi ditu. Lehenengoa, Araban beti egin dela euskaraz. Eta hor daude aipatuak Landuccik XVI. mendean Gasteizen bildu zituen sei mila hitzak edo sasoi bereko Lazarragaren liburua. Bigarrena, garai zailak bizi arren euskarak beti egin izan duela aurrera. Egin du aurrera horrela nahi izan dugulako, beti egon delako norbait euskaraz hitz egiten, erabiltzen. Eta hiru, transmisioaren garrantzia. Euskararen su txikia pasatu egin da belaunaldiz belaunaldi, eta guri tokatzen zaigu orain gauza bera egitea.
Euskaldunon egunkarian eta Berrian aritu nintzen astero zutabeak idazten. Zutabeak niretzako halako memoria-kutxa txikiak ziren. Eguneroko bizitzatik hartzen nituen gaiak, irudiak, eszenak. Idatzi eta gero, hantxe geratzen ziren gordeta, egunkariko kutxatxoan. Argazkiak ateratzea bezala zen, bizitzako une jakin bat jasotzen zuten. Orain berriz hasiko naiz zeregin berarekin, zuek kutxak zabaldu besterik ez duzue egin behar.